XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MAGRITTEN ORHOIMENA
SEGITZEN du zuzen. Lehendabiziko gurutzeraino. Zain
gorri zabalen poltsua suma dezake gorputz ikaragarri
baten sabelean izan baledi bezala. Ibilbideetako farolek
eta autoen argiek izarren dirdira itzaltzen. Zerua eztakusa
ongi. Eta dena bapatean ilun baledi?
Marbre xurizko aurpegi ezti hura, begiak hetsiak,
barneko nirvanan galdua. Odola poltsuaren lekuan. Lau
erreka ñimiño matel xurian beheiti ixurtzen. Ondoan,
haizeak laster eramanen duen hostoa eta borobil xuria.
Erdian marra.
Karrika bakarretan, zikinuntzi berdilunak ateraiak.
Gatu baten miaua. Auto geldi hustuen lerrokada.
Parkearen bila dabila. Gauaz.
Ohartu gabe, ailegatzen da bilatzen zuen plaza ttipi
hartara. Plazaren erdiko lorategiñoa alegeratzen du
kristalezko xurxurak. Lehoin buru gastatutik ixurtzen
ura. Alki berdearen bizkar hotzaren kontra itzulirik
borobilkatu . . .
Eta lokartu iturri xaharraren gerizan...
Goizeko iduzki-sortze arrosindioaren dirdirak
idetzarri artio.